Por la Dr. Clarice Stasz
cstasz@home.com
John Griffith London (1876-1916) San Frantziskon jaio zen aurrekari zabaleko ama ezkongabe batengandik, Flora Wellman-gandik, hain zuzen. Haren aita William Chaney izan zitekeen, kazetari, abokatu eta Amerikako astrologian garrantzi handienetako pertsonaia. Flora osasun gutxikoa zenez, Virginia Prentiss esklabu ohia arduratu zen umea hazteaz, eta kozkortu artean bera izan zen amaren zeregin nagusia bete zuena. Gero, 1876an, Flora John London-ekin —Gerra Zibileko ezindu partzialarekin— ezkondu zen. Oakland-en bizitzen jarri aurretik, familia Bay inguruetara joan zen bizitzera, non Jack-ek lehen mailako irakaskuntza amaitu baitzuen. Familia langile-klasekoa izan arren, Londonen geroko kontaketetan aditzera ematen zen bezain behartsua ere ez zen.
Nerabezaroan, Jack izengoitia hartu zuen beretzat. Lan ugari eta gogorretan ibili zen, isileko ostra-arrantzalea izan zen San Frantziskoko Badian, itsas poliziako lantxa batean isileko arrantzaleak atxilotzen aritu zen, Ozeano Barea zeharkatu zuen itsas txakurrak ehizatzen zituen ontzi batean, gizon langabetuz osatutako Kelly-ren Armadan eman zuen izena, alderrai ibili zen herrialdean zehar, eta 19 urterekin berriro itzuli zen lizeoko ikasketekin jarraitzeko. Garai horretan, sozialismoaren berri izan zuen eta laster Oakland-eko Mutil Sozialista izengoitia jarri zioten, kalean botatzen zituen mitinengatik. Hautagai sozialisten zerrendan, bere burua aurkeztu zuen sarritan alkatetzarako, baina inongo arrakastarik gabe. Irakurle amorratua izanik, kontzienteki erabaki zuen idazlea izatea, lantegiko batean behargin zain zeukan etorkizun beltzari ihes egin nahian. Beste idazle batzuk ikertu eta kontaketak, umorezko kontuak eta olerkiak bidaltzen hasi zen hainbat argitaletxetara, baina ia beti alferrik.
1897an Yukon ibaian igarotako neguak urre metaforiko ugariz hornitu zituen bere lehenengo kontakizunak, eta 1899an horiek argitaratzen hasi zen Overland Monthly aldizkarian. Ordurako diziplina handiko idazlea zen eta kontakizunez, eleberriz eta politika saioz osaturiko berrogeita hamar ale baino gehiago idaztera iritsiko zen. The Call of the Wild (1903) liburuak behin betiko ospea ekarri bazion ere, bere kontakizun laburretariko asko klasiko bihurtuko ziren denboraren poderioz; eta gauza bera ere esan beharko genuke The People of the Abyss (1903) obrari buruz —non kapitalismoa eta pobrezia gogor gaitzesten baitzituen— eta John Barleycorn (1913) obrari buruz —non azterketa zorrotza egiten baitzuen alkoholismoaren gainean—. Ozeano Barean zehar ontzi txiki batean Londonek egindako bidaia luzean (1907-09), Polinesia eta Melanesia kulturei buruzko liburu eta kontakizunetan erabiliko zuen material ugari bildu zuen. Lepraren gainean zegoen tabuarekin hausten lagundu zuen eta Hawaii irlak turismogune bilakatu zituen.
London bere garaiko pertsonaia ospetsuenetarikoa izan zen, eta bera horretaz baliatu zen sozialismoaren, emakumeen sufragioaren eta azkenik horren debekuaren alde egiteko. Zinemagintzarekin lan egindako lehen idazleetariko bat izan zen, eta bere eleberrietako batzuk film bihurtuta ikusi zituen. The Sea-Wolf eleberria Amerikako lehen luzematraiaren oinarria izan zen. Publizitateko iragarkietan bere burua iragartzeko baimena ere eman zuen (etiketa jantziak, mahats zukuak, e.a.), horretan ere aitzindaria izan zelarik.
London autodidakta zen aldetik, bere ideiak trinkotasun eta zehaztasun gabeak ziren. Esaterako, garai hartan nagusi ziren darwinismo soziala eta arrazakeria zientifikoa erabat ontzat ematen zituen; hala ere, urteen joan-etorrian han-hemen aurkitu zituen kultura eta tribu ugariak "halabeharrezko gizon zuriak" —berak halaxe deitzen baitzion— suntsituko ez ote zituen beldur zen eta horren aurrean kezkaturik agertu zen beti. Emakumearen sufragioaren aldekoa izan arren, eta amerikar fikzioan izan diren emakumezko adiurrerik kementsuen eta askeenetariko batzuen sortzailea izan arren, nahiko modu patriarkalean jokatu zuen bere bi alargunekin eta bere bi alabekin. Zinez sinesten zuen sozialismoan, baina horrek halako kontraesan batzuk sortzen zizkion, oso indibidualista izateaz gain, kapitalismoaren arrakastan ere sinesten zuelako. Pertsona eta idazle bezala izan zituen kontraesanak direla-eta, oso zaila gertatzen da bere nortasuna hitz gutxitan aditzera ematea.
Londonen grinarik handiena nekazaritza izan zen, eta behin baino gehiagotan esan zuen Beauty Ranch aziendari eusteko bakar-bakarrik idazten zuela. Japonian ikusitako hainbat teknika ekarri zituen Kaliforniara, besteak beste, terrazakako labore-lurrak eta ongarriztatze estentsiboa; horrez gain, oso jantzita zegoen etxabereei zegozkien gai guztiez. Wolf House etxea, esaterako, bere jabetzako lurretan bildutako harriz eta zuhaitz egurrez eraiki zuen. Alde horretatik, arte eta lanbide filosofiak eragin handia izan zuen berarengan.
London Bess Maddern-ekin ezkondu zen lehen aldiz (1900) eta bi alaba izan zituzten, Joan eta Bess. Emaztea aukeratzeko orduan, Anna Strunsky-rekin batera idatzitako The Kempton-Wace Letters liburuan azaltzen den prezeptoari jarraitu zion; horren arabera, ezkontideak ondo ugaltzeari begira aukeratu behar dira, eta ez maitasunez. (Bess ados zegoen). Bera baino bost urte zaharragoa zen Charmian Kittredge "emakume berriarekin" izandako affair-aren ondorioz, Bess-engandik banandu zen. 1905ean bere "neska lagunarekin" ezkondu zen, Londonen liburuetako emakume askoren adiurrearen oinarri bilakatu zena eta abenturazko bidaia ugarietan poz-pozik lagundu ziona. Literatur munduan lehen urratsak ematera ere animatu zuen, eta horren ondorioz, hiru liburu idatzi zituen bere bizitzan oinarrituta (The Long of the Snark, Our Hawaii, The Book of Jack London).
Sarritan izaten zituen gaixotasun fisikoak, eta hogeita hamar urte zituela, London giltzurrunetako gaitz jatorriz ezezagun batez gaixotu zen. 1916ko azaroaren 22an hil zen bere etxaldean, giltzurrunetatik eri. Bere idazlanak dozenaka hizkuntzatara itzuliak izan ziren, eta gaur egun bere herrian baino irakurle gehiago ditu Estatu Batuetatik kanpoko herrietan. Bere bizitza eta obra azterturik, amerikar izpirituaren kontraesanak aztertzen lagunduko digun material garrantzitsua bil dezakegu, eta bide batez, Aurrerakuntzaren aroan izandako mugimendurik garrantzitsuenak eta ideiarik nabarmenenak ere aztertu.
Londonen heriotzaren ostean, arrazoi askorengatik halako mito biografiko bat sortu zen, bere buruaz beste egindako alkoholiko emakumezale baten irudia eman baitzuten aditzera berataz. Lehen eskuko dokumentuetan oinarritutako lan eruditoek, ordea, karikatura hori ezeztatu egin dute. Hala ere, horren iraunkortasunak galera ekarri die bai bere literatur lan biribilari bai bere esangurari, mende honetako gizarte historiaren irudi sortzailearen kalterako.
Egilearen baimenarekin itzulia. Jatorrizko testua: http://sunsite.berkeley.edu/London/jackbio.html